XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bata bestearen atzetik Tommy eta Benbow etxetik abiatu eta gainkaldetik behera jaitsi ziren bide abandonatuari jarraituz.

Benbowek atzera begiratu zuen.

Erdi erorian zegoen etxea, argirik gabe, bakar eta misteriotsu altxatzen zen zeruaren kontra, zedro nahasi eta pilatuen gainetik.

Bidea orbain erosionatua zen, sakonegia bide izateko, eta zanga izateko zuzenegia, neguko uholdeek arrakalatua, eta garo, orbel eta adarrez ataskatua.

Tommyri jarraituz Benbow bidezidor estu batetik zihoan, non oinen arrastadak landare ustelduak desegin bait zituen buztina agerian utziz.

Buruaren gainetik zuhaitz itxitura bat ageri zen zeruan uztai bat marraztuz.

Pendiza pikuago bihurtu zen, biragunea eginez.

- Gutxi gora behera hemen ikusi dugu hontza - esan zuen Benbowek.

Bere aurrean Tommyk algara egin zuen.

- Horrek ere ikaratu duela apustu egingo nuke - esan zuen.

- Bai - erantzun zuen Benbowek.

Tommyren figura lausotuari jarraitu zion eta kontuz ibiltzen eta mintzatzen ahaleginak egiten zituen, mozkorrak eragiten duen ardura aspergarriaz.

- Mila demoniok naramatela sekula ikusi dudan zuri betizuena ez bada - esan zuen Tommyk.

Ataritik bidezidorrean barrena zetorren beste hartan bezala, zakurra mahaipetik atera eta zapatak usaintzera joan zitzaion, beste edozein zakurrek egingo lukeen bezalaxe.